Lantaldea

Irene Intxausti Basilio

Txikitan lore-banatzaile izan nintzen nire aitarekin batera, eta urte batzuk geroago graduatu nintzen – eta nota altuarekin gainera – Porrotaren Zientzietan: azkena ailegatzea igeriketa lasterketetan, nire ikasgai kutunena.

21 urterekin Musikaren Zientzia eta Historian lizentziatu nintzen Madrilgo Universidad Complutense-an, eta bertara bueltatuko nintzen urte batzuk geroago Komunikazioaren Kudeaketa Kultura Erakundetan masterra gauzatzeko.

Bidean Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu nintzen EHU-n, kazetari lanak egin nituen, Word-en zuzentzaile automatikoari esker “derechos humanoides” esan nuen zuzeneko batean, eta beste lurralde batzuk ezagutu nituen, oporretan, eta lanean ere bai.

Abentura hau hasi aurretik, profesionalez asko gozatzeaz gain, haiekin partekatu nuen egunerokoa, Teatro Paraiso edo Tabakalera bezalako egituretan. Hainbat saltsatan ere sartu nintzen, hala nola kazetaritza-kolaborazioetan, ikerketa-beketan, balorazio-epaimahaietan edo prestakuntzetan, adibidez, Europar Batasunean egin nuen Ekintzailetza eta Gizarte Berrikuntzako graduondokoetan.

Urteak joan eta urteak etorri konturatu naiz nire arrebak, txikitan, papertxoz betetzen zuela egongela, ordurako artista zelako, nire amak hitzak dituela gotorleku poeta delako  eta nire semeak… Ai, nire semea!

Hara non Radio Clásica-ko esataria izateko grinarekin hasi nuen nire helduaroa, eta hara nola bizitzak beste bide batzuetatik eraman nauen. Onartzen dut, bai, desbideratu naiz… Zer esan nahi du, bestela, nire burua “Zaldoilo” baten gainean ikustea?!

Ander Elorza Urdangarin

8 urterekin Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak aurkezten zuten Don Don kikilikon telesaioan izan nintzen. Partehartzaile bakoitzak abileziaren bat erakutsi behar zuen. Ni hankaz gora jarri nintzen.

12 urterekin, nire lagun Ikerrek eta biok basamortuko hare-ekaitz baten diorama egin genuen.

Euskal Filologia ikasi nuen EHU-n, baina zinea eta komunikazioa zirenez nire pasioa, Argazki Zuzendari eta Kamara Operadore ikasketak gauzatu nituen Bartzelonako C.E.C.C.-en. Bertan, Luis Aller irakasleak Konposizioari buruz hitz egin zidan. Ordutik irudi guztiak aldatu ziren niretzat.

6 urtez Bartzelonako Euskal Etxean egindako euskara irakasle eta kultura kudeatzeile lana, beste ikusentzunezko porrot txikiekin uztartu nuen.

2006an Chris Marker-en Sans Soleil filma ikusi nuen.

2010an, Japonia eta Australian zehar eginiko urte beteko bidaia baten ondoren, Estralurtar lurraldea nire lehen film luze dokumentala estreinatu nuen Gasteizen.

Bertako komunikabideetan egin nuen lan kamara operadore eta editore bezala, eta han ezagutu nuen elkarlanaren benetako balioa, baina baita destajua ere.

Ia 40 urterekin Bizitzaren Unibertsitatean graduatu nintzen. Egin nintzen autonomo.

Karmele Jaio idazlea, David Busto dokumentalista edo Koldo Uriarte musikaria bezalako pertsona eta kolektiboengandik ikasteko aukera eman dit.

Zineatxekua da nire aterpe artistikoa. Bertan, arropa zintzilik, telekinesia manualak, fast forward-en ikusten diren pelikulak eta beste tramankulu filmikoak daude. Gozatzen dut nire irudiekin narratzen, eta besteenekin ere bai. Gaur egun denboraren makina bat diseinatzen ari naiz.. iunkopia nire Youtubeko kanalean telesailez, zineaz eta beste deriba batzuez hitz egiten dut.